Auzolanak muga guztiak hautsi ditu
23 eka 2009 Prentsa
«Oso pozik» daude Hatortxu Rockeko antolatzaileak, «bildutako jendetzak aurreikuspen guztiak gainditu dituelako»
Jaialdiaren arrakasta «euskal presoekiko maitasun eta elkartasunari» zor zaiola diote
Irune Berro Berria
Oraintsu igaro den asteburuan Lakuntzan (Nafarroa) egin duten Hatortxu Rock jaialdiaren arrakasta Euskal Herrian «euskal presoekiko dagoen loturari, maitasunari eta elkartasunari» zor zaiola diote antolatzaileek. «Erakusle argia izan da». Errepresaliatuen aldeko festa handia egin dute ostiraletik igandera, inoizko Hatortxu Rock jaialdirik handiena. Herri askotako 70 musika taldek jo dute Sakanako herrian paratutako bost agertokietan, horien artean Berri Txarrak, Doctor Deseo, RIP, Banda Bassotti, Etsaiak, Koma, Narco, The Kluba eta Boom Club. Eta sekulako jendetza bildu da, Lakuntzako karrika eta zelaiak mukuru betetzeraino.
Oraindik zenbaki zehatzik ez duten arren, «aurreikuspen guztiak gainditu» dituztela adierazi dute antolatzaileek. Elkartasunak mugak hautsi ditu. Jende uholdeak, alabaina, ez du jaialdiaren martxa ona eragotzi. Kontrara: jendearen jarrera egokia izan dela azaldu dute antolatzaileek, «jatorra eta eredugarria».
Horretaraz gero, aparteko arazorik gabe igaro da asteburua. Antolatzaileen arabera, «Lakuntzako herritarrak gustura geratu dira jaialdiak eman duenarekin». Eta ekimenaren sustatzaileek, horrenbestez, Udalak zein lakuntzarrek emandako babesa «zinez eskertu» dute. «Banan-banan eman nahi dizkiegu eskerrak Hatortxu Rock aurrera ateratzeko lan egin duten bi mila herritarrei eta jaialdian jo duten 70 taldeetako kideei». Azken urteetan Euskal Herrian egindako «auzolanik handiena» izan delakoan daude. Eta zalantzarik ez dute: «Militantziak eta konpromisoak egin dute posible egunotan bizi duguna».
Guardia Zibilaren eta Foru Poliziaren traben gainetik behar egin dute antolatzaileek, eta «identifikatzeko agindu, miaketa, irain eta mehatxuak» jasan behar izan dituzte jaialdira bildutakoek. «Ehunka polizia armatu izan dira inguruan, eta jarrera sexistak ere agertu dituzte». Asteburu osoan, halaber, helikoptero bat ibili da jaialdiaren eremuaren gainetik.
Nolanahi ere, giroa nagusitu da oroz gain. Festa eta eskabidea. Hatortxu Rocken izaera eta tamainako ekimena burutzeak «berebiziko garrantzia» duela azpimarratu dute, «areago, espetxeetan muturreko egoerak ezartzen ari direnean». «Elkartasuna biderkatuz erantzun die Hatortxu Rockek azkenaldiko errepresio gertaerei, elkartasuna zigortzeko eta jazartzeko eginiko saio guztiei».
Bestalde, EITB taldeko hedabideen jarrera gogor gaitzetsi dute antolatzaileek. «Euskal presoekiko elkartasun erakustaldia zentsuratu egin dute argi eta garbi». Haatik, elkartasuna zentsurari gailendu zaiola nabarmendu dute. «Asteburu honetan, elkartasunak irabazi die espetxe politika ankerrari eta errepresioari».
Lehen Hatortxu Eguna
Aurreneko Hatortxu Eguna eginez eman zioten bukaera jaialdiari. Umeentzako eta helduentzako ekitaldiak nagusitu ziren egitarauan, eta pilotalekuan eginiko bazkarian aulki bakar bat ere ez zen geratu hutsik. Fermin Balenciaren kantaldiaz gozatu zuten bazkalondoan, eta amaitzean, herriko plazara zabaldu zuten giroa. Beriain eta Utsaia guneetako agertokietan ikuskizunak ez zuen etenik egin Kerobia, Gatibu, Betagarri, Leihotikan, La Gossa Sorda eta Zea Maysekin.
Lehenago, Hatortxu Rockeko ekitaldi nagusia egin zuten Beriain gunean. Agertokia txiki geratu zen euskal presoen ia 750 argazkiak hartzeko. Anje Duhaldek eta Bic MacFarlanek Amnistiaren dema jotzearekin bat ekin zioten senideek errepresaliatuen argazkiak oholtzara igotzeari. Presoak herriratzeko eskatzen duen ikurraren mosaikoa eginez bukatu zuten.













