Kontrolen gainetik, milaka lagun iritsi dira Hatortxura | HATORTXUROCK 10

HATORTXU ROCK 10

Kontrolen gainetik, milaka lagun iritsi dira Hatortxura

Oso jendetsua izan da errepresaliatuen aldeko hamargarren musika jaialdiko lehen eguna, Lakuntzan

Ainara Gorostitzu.

Berria

Lakuntzarako (Nafarroa) sarrera guztiak hartu zituen atzo arratsaldean Guardia Zibilak, Etxarri Aranaztik doan bidea ere itxi zuten, eta Hatortxu Rock jaialdira zihoazen gazteak miatu eta identifikatu zituzten. Horrek jaiaren hasiera zertxobait atzeratu zuen arren, ez zuen inondik inora festa eragotzi, goizean goizetik jai giroa baitzegoen Lakuntzan.

Bezperatik, ostegunetik, giro berezia zegoen herrian, eta atzo goizean goizetik hasi zen jendea kanpalekua dendaz betetzen. Herriko gunean Elektrotxaranga eta The Sekta, eta jantokian Apurka izan ziren jo zuten lehen taldeak, eta oholtzara igotzen lehenengoak Reincidentes eta Banda Batxoki izan ziren, Beriain eta Utsaia guneetan, hurrenez hurren. Atzetik, Gatillazo, Kaotiko, Etsaiak, Ekon, RIP, edota Banda Bassotti entzun ahal izan ziren Beriainen eta Hesian, The Kluba, Kauta edo Des-Kontrol Utsaia gunean.

Egun jendetsuena gaurkoa izango dela uste dute antolatzaileek, baina atzo ere milaka eta milaka lagun, «sekulako jendetza», batu zen errepresaliatuen aldeko jaialdian. Ikurrinez eta presoak Euskal Herriratzeko eskatzen duten banderez gain, Kataluniako senyera ugari ikus zitezkeen nonahi, asko baitziren Kataluniatik hurbildutako gazteak eta baita Espainiatik etorritakoak ere.

Gaur Berri Txarrak, Koma, Piperrak, Doctor Deseo, Deabruak Teilatuetan eta Habeas Corpus entzun ahal izango dira.



Eman zure iritzia / deja tu opinión:

Esaiguzu zein iritzi duzun
Dinos que opinas