ESKERRIK ASKO LAKUNTZA

Hatortxu 10 ekimenaren lehen balorazioa
Ekaina 22, 2009 by hator
Filed under Hatortxurock, orduz ordu, azala

- Azken hiru egunetan Lakuntzan bizi izan duguna euskal lurraldean preso politikoekiko dagoen loturaren, maitasunaren eta elkartasunaren ispilu argia izan da.
- Antolakuntzatik balorazio erabat positiboa egin nahi dugu ekimenaren inguruan. Oraindik zenbaki eta zehaztapen guztiak ez izan arren aurrikuspen guztiak gainditu ditu asteburuan Lakuntzan bildu den jendetzak.
- Aparteko arazorik gabe igaro dira egunak Lakuntzan. Bertara hurbildutako jendeak izandako jarrera benetan egokia eta jatorra izan dela azpimarratu nahi dugu. Herritarrak oso gustora gelditu diren ekimenak eman duenarekin eta Hatortxuko antolatzaileok ere oso gustora gaude Lakuntza herriak eskaini digun laguntza eta babesarekin.

- Banan-bana eskertu nahi ditugu egunotan Hatortxu aurrera ateratzeko lan egin duten 2000 herritarrak, 60 musika taldeak eta ekitaldi ezberdinetan parte hartu duten pertsona guztiak. Zalantzarik gabe gure herrian azken urteotan burutu den auzolan handienaren lekuko izan gara egunotan Lakuntzan. Militantziak eta konpromisoak soilik egin dute posible egunotan ikusi duguna.
- Espetxeetan muturreko egoerak ezartzen ari diren honetan, neurri eta izaera honetako ekimen bat burutzeak garrantzia berezia hartzen du ezbairik gabe.
- Elkartasuna zigortua eta jazarria den honetan, Elkartasuna biderkatzea izan da jazarpen guzti honi Hatortxuk eman dion erantzuna.
- Balorazio erabat positibo honen ondoan, halabeharrez, salaketarako tartea ere hartu beharrean gaude:
- Guardia zibilak eta polizia foralak eskuz esku Lakuntza inguruak hiru egunez okupatu izana salatu nahi dugu. Hatortxura hurbildu diren herritarrak iraindu, mehatxatu, miatu eta identifikatu dituzte inguruotara hurbildu diren ehunaka polizia armatuk, jarrera sexistak ere izan dituztelarik. Guardia zibilaren helikopetro baten presentzia ere iraunkorra izan da herriaren gainean.

- Salagarria da erabat komunikabide nagusiek ekimen erraldoi honen aurrean erakutsi duten isiltasuna. Euskal preso politikoekiko elkartasun erakustaldiari zentsura politikoarekin erantzun diote komunikabide nagusiek. Zentzu honetan bereziko salagarria da EITBk ekimen honekiko izan duen jarrera.
Guardia zibilaren arma eta komunikabideen zentsura politikoa baino indartsuagoa da hala ere herri honetan errotua dagoen elkartasunaren balorea. Elkartasunak irabazi die asteburu honetan espetxe politika ankerrari eta errepresioari.
Amaitzeko, besarkadarik sentikorrena helarazi nahi diegu egun berezi honetan espainiar eta frantziar espetxeetan sakabanatuak dauden euskal preso politikoek. Gure aldetik azken preso politikoa etxean izan arte elkartasuna lantzen, erakusten eta zabaltzen jarraituko dugula argi esanez amaituko dugu.
EKITALDIAREN KRONIKA “Gure lanaren eta presioaren arabera beteko dira ditugun helburuak”
Ekaina 21, 2009 by hator
Filed under Hatortxurock, orduz ordu, azala
Elkartasun uholdea bere une gorenera iritsi da gaur, eguerdiko ekitaldi erraldoiarekin. Oreka Tx taldearen emanaldia amaitzen ari zela iritsi dira ehundaka lagun Hatortxu 10 jaialdiko ekitaldi nagusira, eta poliki poliki Beriain gunean geroz eta jende gehiago biltzen joan da. Taldeak munduan barna egindako biraren irudiak ikus zitezkeen pantaila erraldoietan, eta kontzerturako saharar emakume bat gonbidatu dute, guztien zirrara eragin duen kantaria, hain zuzen ere. Mikel Laboa gogoratuz, txalaparta doinuan entzun ahal izan da “Martxa baten lehen notak” kantu sentitua.
Saio hori amaitutakoan, Lakuntzako Udaletxeko ordezkariak igo dira taula gainera, eta biziki eskertu dute antolakuntzako jendeak eta boluntario ibili direnek egindako lana. “Lakuntzako herri gisa, hemen gaude edozertarako”, adierazi dute gogotsu.
Laboaren ahotsa nagusitu da berriz, eta “Oroitzen zaitudanean ama” piezaren doinuan igo dira bi senitarteko, eta horiek jaso dute dantzarien aurreskua eta fandangoa. Lakuntzan jasotako “elkartasuna eta babesa” eskertu dute, eta “denon artean lortuko dugu iheslari eta presoak etxera ekartzea”, baieztatu dute.
Jarraian eman den ikus-entzunezkoaren bidez munduan “inperialismoaren eta zapalkuntzaren kontra” borrokan diharduten herriak gogoratu dira, eta bereziki, Tamil herria, Colomboko gobernuaren eskutik une hontan jasaten ari den errepresio latza oroituz, ehundaka hildako eta zauritu utziz. Izan ere, bertan azken hilabeteetan gerra egoera larriagotu egin da, eta gaur Lakuntzan horiekiko elkartasuna adierazi da. Borrokan dauden gainerako herriekiko elkartasuna Anje Duhalderekin batean taula gainera igo den Bik MacFarlan abeslari irlandarrarekin ikusi da. Belfastetik etorri den MacFarlanek 20 urte eman ditu espetxean, eta gaurkoan bi abeslariek Boby Sands-en kantu bat eskaini dute, ingeleraz eta euskaraz, “Derryra itzuli nahiko nuke” izena duena.
Euskal Herriak azken 30n urtetan pairatu duen errepresioa iruditan agertu duen ikus-entzunezkoaren ondotik, presoen senideak igo dira taula gainera, ehundaka argazki eskuetan, ekitaldiko unerik hunkigarriena sortuz. Amnistiaren abestia kantatu du Duhaldek, behetik entzulegoak jarraitu diolarik. Gisa hontan hartu du Begoña Sagarzazu preso ohiak, eta egun hauetan Hatortxun parte-hartu dutenei zein bertan aritu diren bakarlariei eta musikariei euren ekarpen izugarria eskertu die. “Elkartasuna zer den erakutsi da Lakuntzan. Egun hauetan protagonista izan diren 740 anai-arrebei maitasuna adierazi nahi diegu Beriainen magal hontatik”. Erreferente izatetik uzteko euskal preso politikoen kolektiboa suntsitu nahi dutela ohartarazi du Sagarzazu, horretarako baliatzen dituzten guztiak gogoraraziz, sakabanaketa, isolamendua eta antzeko neurrien berri emanez. “Pertsonarekin amaitu” nahi dutela ziurtatu du, eta euskal presoen kontra “benetako Guantanamoa” sortu dela gaineratu du. Horren guztiaren aitzinean kartzeletan ematen ari diren borrokaldiek kolektiboaren jarrera erakusten dutela nabarmendu nahi izan du: “Bizirik daude, zutik daude, eta Euskal Herrian erreferente politikoa izaten segitzen dute”.

Kartzeletatik at, errepresioa kalera ere zabaltzen ari dela ohartarazi du Sagarzazuk, “elkartasuna egurtzen eta igortzen ari direla”, presoen argazkiekiko jarrera erasokorra ikusiz. Egoera hortan Hatortxuren moduko ekimenek duten “esanahi sakona” azpimarratu du. Urtarrilean Bilbon 40.000 lagun biltzea, Sakabanaketaren kontrako birak jasotako babesa edota hainbat udaletxetan presoekiko elkartasunez onartutako mozioak adibidetzat jarriz, “hau da bidea” baieztatu du Sagarzazuk, eta hurrengo hilabeteetan elkartasun hori “indartu beharra dagoela” gaineratu du, gure lanaren eta presioaren arabera beteko direlako ditugun helburuak”. “Aurrera! Presorik gabeko herri bate nahi dugu!” oihu eginez amaitu du bere interbentzioa. “Non dago Jon?” galdera behin berriro ere plazaratu da Beriain gunean, eta entzulegoak gogotik oihukatu du “Herriak ez du barkatuko”. Ehundaka lagunek osatutako “Euskal Presoak Euskal Herrira” mapa erraldoiarekin amaitu da Hatortxu 10en ekitaldia.
Lakuntzako giroa, beste ikuspuntutik
Ekaina 20, 2009 by hator
Filed under Berriak, Hatortxurock, orduz ordu, azala
Hegaztiek ongi dakite zein den Lakuntzan bizi den giroa, goitik ikusita ikaragarria baita.







Bizitza osorako zigorren eta preso gaixoen egoera, preso ohien ahotik
Ekaina 20, 2009 by hator
Filed under Hatortxurock, orduz ordu, azala
Fernando Arburuak 23 urte eta bost hilabete eman ditu kartzelan. Fernando Etxegaraik berriz, 20 urte eta bederatzi hilabete. Espetxeetako politikek izandako bilakaeraren berri eman dute biek gaur Lakuntzan; izan ere, Ainhoa Bagliettok azaldu duenez, “bizi osorako kartzela zigorrak eta preso gaixoen egoera ezin dira ulertu politika penitentziarioa ulertu gabe”.

Etxegaraik gogoratu duenez, 1980ko hamarkadan Puerto de Santamaria eta Herrerako kartzeletan biltzen ziren euskal preso politiko gehienak. Hala ere, orduan erabaki zen sakabanaketa politika ezartzea: Presoak kartzela ezberdinetan banatzeaz gainera, zentru bakoitzean ere bereizi egin ziren, euren arteko harremana ezinezko bilakatuz. Gerora bestelako ondorioak ere pairatu ditu kolektiboak, erregimen aldaketei dagokienez, adibidez (lehen graduaren aplikazioa, patioa bi ordutara mugatzea, “autoritate penitentziarioa” martxan jartzea…). Horren aitzinean sortu ziren espetxez espetxeko borrokak, Salto del Negro (Kanariar uharteetan) kartzelako kasuaren modukoak Tokian tokiko epaitegiek zuten espetxe bakoitzeko presoen ardura, eta horietan ere borrokak juridikoak ematen dira, presoen eskubideak bete daitezen. Handik urte batzutara epaitegi horiek zentralizatu egiten dira, Audientzia Nazionalean. Baldintzapeko askatasuna ez da aplikatzen, erredentzioak (ikasketen eta lanen bidez zigorrak murriztea) amaitu egiten dira eta preso gaixoak ez dira kaleratzen. Azkenean, biziarteko espetxealdia agintzen duen doktrina onartzen du Auzitegi Gorenak. Horixe ezarri nahi izan zioten Etxegarai berari. Berak betetako zigorrari aurre nola egin dion galdetuta, beretzat berebizikoak izan omen dira “herri baten, ideia baten, helburu baten eta historiaren partaide dela” sentitzea, eta aldi berean, herri horrek borrokan segitzen duela jakitea, “historia hori aurrera doala” ikustea.
Bagliettok espetxe politiketan emandako bilakaeraren nondik norakoak xehetasunez azaldu ditu. Bere hitzetan, aipaturiko doktrina ez da bapatean sortu, “urteen poderioz eman den” prozesu baten baitan baizik. 1973an, oraindik frankismo garaian, Kode Penal berria onartu zen, zeinak espetxe zigorrak 30 urteko gehienekora mugatzen zituen. Atal berezia jasotzen zuen, “delitu terroristak” zigortzeko. Ondorioz, euskal preso politikoei zigor gorena ezartzen zitzaien. Hala ere, lege berriaren arabera, erredentzioak eta baldintzapeko askatasuna aplikatuz, zigor horiek murrizteko aukera zegoen. Praktikan arazoak jartzen ziren errdentzioentzat, eta baldintzapekoa ez zen aplikatzen. 1995ean Kode Penal berria onartzen da, 30 urteak osorik betetzeko agindua ezarriz, erredentzioak aplikatu gabe, hain zuzen ere. Preso sozialen kexua eragiten du horrek, baina praktikan, ekintza berarengatik kondena txikiagoak jartzen dira arruntak diren kasuetan. Ez da hala politikoen kasuan: “Kale borroka” deituriko ekintzak 15-20 urteko kartzelarekin zigortzen hasten dira, beraz, “delitu larriagoak bihurtuz eta gainera oso-osorik betetzea ezarriz”. 2003an 40 urtetara igotzen da kondenen gehienekoa, baina arau hau urte hortatik aurrerako kasuei bakarrik dagokie. Beraz, aurretik ebatzitako epaiei ez die eragiten, eta presoak kalera atera daitezke lehenago. Hori ekiditeko, Auzitegi Nazionalak erredentzioak ez ditu onartuko, eta aldiz, presoen eskubide urraketak ontzat emanen ditu. Hori ere aski ez, eta “biziarteko espetxealdia” bilatzen duen doktrina agertzen da, erredentzioen aplikazioa 30 urteen gainean erabaki beharrean, kondena osoaren gainean ezarriz. Beraz, horiek inolako efekturik gabe geratzen dira. Baldintzapeko askatasuna ere horrela ezarriko dute. Horrekin batean, behin zigorra beteta “delitu berriak” egotziz, zigorrak luzatzen saiatuko dira. Bagliettoren hitzetan, presoei zera esan nahi diete: “Behinere ez zara aterako, bizirik ez behintzat”.
Zigor urteekin hertsiki loturik, preso gaixoekiko tratuan izandako bilakaera dago. Horren berri eman du Arburuak. Gaur egun 180 omen dira jarraipen bereziak behar dituzten presoak, eta konfidantzazko mediku baten arreta berebizikoa zaienak. 1989An Argeleko elkarrizketak bertan behera gelditzearekin sakabanaketa politika agertu zela gogorarazi du, eta horrekin batean, konfidantzazko medikuak ukatzen eta mediku bisiten kontrola areagotzen hasi omen ziren. 2003tik aurrera estutzen joan ziren neurriak, eta lehenago sikologoak konfidantzazkoak baziren, hori ere mozten hasi ziren. Bisita horiek interbenituak direla salatu du Arburuak. Horrek guztiak preso gaixoarengan eragiten du: Artikulazio arazoak dira ohikoenak, gune itxian sartuta egotearen ondorioz. Arnas aparatuarekin lotutako gaitzak ere ugariak dira, eta sikologiari dagokionez, nabarmena da aplikatzen joan diren “zigor erantsien” eragina: Sakabanaketaren bidez etxekoengandik eta lagunengandik urruntzeak, isolamenduak dakarren talde sozialetik bakartuta sentitzeak eta zigorrak luzatzeak “pertsona estutu eta desegitea” bilatzen dutela azpimarratu du. “Egia da askotan aurre egin eta hori gainditzea lortu izan dela, kolektiboaren elkartasunari esker eta baita norberaren izakera politikoa dela-eta ere, baina askotan ikutuak gelditzen dira batzuk, eta betirako gainera”. Horien kasuan laguntza bideratzea “zaila” dela salatu du Arburuak. Pairatu beharrekoen artean, intimitate eza nabarmendu du, gizakiarentzat funtsezkoa dena baina kartzelan ematen ez dena. “Hori ikaragarria da. Arauek, egiturak, kartzelariek… horiek markatzen dute eguna, ordua. Beti kontrolatuta dago presoa, uneoro”. Preso larrien kasuan berriz, 2003 urtetik askatasuna ukatzen zaiela eta lortutako kasuetan “erabat baldintzatuta” daudela jakinarazi du.
Hatortxuzaleak kanpin gunera iristen ari dira
Ekaina 19, 2009 by hator
Filed under Hatortxurock, orduz ordu, azala
Goizeko lehendabiziko orduetatik leku guztietako jendea iristen ari da Hatortxurockeko kanpin gunera







Ordutegiak dagoeneko eskuragai
Jaialdiaren inguruko ordutegien informazio guztia dagoeneko zure esku
Jeitsi ostiral eta larunbateko ordutegiak
Jeitsi Hatortxu Eguneko ordutegiak
Hatortxurock 7K GARAko astekarian
Pasa den igandean, ekainak 7, Hatortxurock jaialdiaren inguruan 7K GARAko astekarian agertutako erreportaia
Mapa berria
Jaialdiaren mapa berria iritsi zaigu eta dagoeneko tamaina handian jeisteko aukera duzu
Muntaia martxan da
Hatortxu rock 10eko montaketa lanak, abian: Duela aste batzuk hasi ziren lanak, eta dagoeneko, argazkian ikusi daiteken moduan, Utsaia guneko karpa zutik da. Antolatzaileok, etorriko zareten guztioi ahalik eta zerbitzu hoberen emateko lanean jarraitzen dugu. Lan hauetan, azpimarratzekoa da hainbat laguntzaileen esfortzua. Lakuntzako herria, batez ere, ehundoko ahalegina egiten ari da. Eskerrik asko, Lakuntzarrak!


























