Hatortxu 10 ekimenaren lehen balorazioa
Ekaina 22, 2009 by hator
Filed under Hatortxurock, orduz ordu, azala

- Azken hiru egunetan Lakuntzan bizi izan duguna euskal lurraldean preso politikoekiko dagoen loturaren, maitasunaren eta elkartasunaren ispilu argia izan da.
- Antolakuntzatik balorazio erabat positiboa egin nahi dugu ekimenaren inguruan. Oraindik zenbaki eta zehaztapen guztiak ez izan arren aurrikuspen guztiak gainditu ditu asteburuan Lakuntzan bildu den jendetzak.
- Aparteko arazorik gabe igaro dira egunak Lakuntzan. Bertara hurbildutako jendeak izandako jarrera benetan egokia eta jatorra izan dela azpimarratu nahi dugu. Herritarrak oso gustora gelditu diren ekimenak eman duenarekin eta Hatortxuko antolatzaileok ere oso gustora gaude Lakuntza herriak eskaini digun laguntza eta babesarekin.

- Banan-bana eskertu nahi ditugu egunotan Hatortxu aurrera ateratzeko lan egin duten 2000 herritarrak, 60 musika taldeak eta ekitaldi ezberdinetan parte hartu duten pertsona guztiak. Zalantzarik gabe gure herrian azken urteotan burutu den auzolan handienaren lekuko izan gara egunotan Lakuntzan. Militantziak eta konpromisoak soilik egin dute posible egunotan ikusi duguna.
- Espetxeetan muturreko egoerak ezartzen ari diren honetan, neurri eta izaera honetako ekimen bat burutzeak garrantzia berezia hartzen du ezbairik gabe.
- Elkartasuna zigortua eta jazarria den honetan, Elkartasuna biderkatzea izan da jazarpen guzti honi Hatortxuk eman dion erantzuna.
- Balorazio erabat positibo honen ondoan, halabeharrez, salaketarako tartea ere hartu beharrean gaude:
- Guardia zibilak eta polizia foralak eskuz esku Lakuntza inguruak hiru egunez okupatu izana salatu nahi dugu. Hatortxura hurbildu diren herritarrak iraindu, mehatxatu, miatu eta identifikatu dituzte inguruotara hurbildu diren ehunaka polizia armatuk, jarrera sexistak ere izan dituztelarik. Guardia zibilaren helikopetro baten presentzia ere iraunkorra izan da herriaren gainean.

- Salagarria da erabat komunikabide nagusiek ekimen erraldoi honen aurrean erakutsi duten isiltasuna. Euskal preso politikoekiko elkartasun erakustaldiari zentsura politikoarekin erantzun diote komunikabide nagusiek. Zentzu honetan bereziko salagarria da EITBk ekimen honekiko izan duen jarrera.
Guardia zibilaren arma eta komunikabideen zentsura politikoa baino indartsuagoa da hala ere herri honetan errotua dagoen elkartasunaren balorea. Elkartasunak irabazi die asteburu honetan espetxe politika ankerrari eta errepresioari.
Amaitzeko, besarkadarik sentikorrena helarazi nahi diegu egun berezi honetan espainiar eta frantziar espetxeetan sakabanatuak dauden euskal preso politikoek. Gure aldetik azken preso politikoa etxean izan arte elkartasuna lantzen, erakusten eta zabaltzen jarraituko dugula argi esanez amaituko dugu.
EKITALDIAREN KRONIKA “Gure lanaren eta presioaren arabera beteko dira ditugun helburuak”
Ekaina 21, 2009 by hator
Filed under Hatortxurock, orduz ordu, azala
Elkartasun uholdea bere une gorenera iritsi da gaur, eguerdiko ekitaldi erraldoiarekin. Oreka Tx taldearen emanaldia amaitzen ari zela iritsi dira ehundaka lagun Hatortxu 10 jaialdiko ekitaldi nagusira, eta poliki poliki Beriain gunean geroz eta jende gehiago biltzen joan da. Taldeak munduan barna egindako biraren irudiak ikus zitezkeen pantaila erraldoietan, eta kontzerturako saharar emakume bat gonbidatu dute, guztien zirrara eragin duen kantaria, hain zuzen ere. Mikel Laboa gogoratuz, txalaparta doinuan entzun ahal izan da “Martxa baten lehen notak” kantu sentitua.
Saio hori amaitutakoan, Lakuntzako Udaletxeko ordezkariak igo dira taula gainera, eta biziki eskertu dute antolakuntzako jendeak eta boluntario ibili direnek egindako lana. “Lakuntzako herri gisa, hemen gaude edozertarako”, adierazi dute gogotsu.
Laboaren ahotsa nagusitu da berriz, eta “Oroitzen zaitudanean ama” piezaren doinuan igo dira bi senitarteko, eta horiek jaso dute dantzarien aurreskua eta fandangoa. Lakuntzan jasotako “elkartasuna eta babesa” eskertu dute, eta “denon artean lortuko dugu iheslari eta presoak etxera ekartzea”, baieztatu dute.
Jarraian eman den ikus-entzunezkoaren bidez munduan “inperialismoaren eta zapalkuntzaren kontra” borrokan diharduten herriak gogoratu dira, eta bereziki, Tamil herria, Colomboko gobernuaren eskutik une hontan jasaten ari den errepresio latza oroituz, ehundaka hildako eta zauritu utziz. Izan ere, bertan azken hilabeteetan gerra egoera larriagotu egin da, eta gaur Lakuntzan horiekiko elkartasuna adierazi da. Borrokan dauden gainerako herriekiko elkartasuna Anje Duhalderekin batean taula gainera igo den Bik MacFarlan abeslari irlandarrarekin ikusi da. Belfastetik etorri den MacFarlanek 20 urte eman ditu espetxean, eta gaurkoan bi abeslariek Boby Sands-en kantu bat eskaini dute, ingeleraz eta euskaraz, “Derryra itzuli nahiko nuke” izena duena.
Euskal Herriak azken 30n urtetan pairatu duen errepresioa iruditan agertu duen ikus-entzunezkoaren ondotik, presoen senideak igo dira taula gainera, ehundaka argazki eskuetan, ekitaldiko unerik hunkigarriena sortuz. Amnistiaren abestia kantatu du Duhaldek, behetik entzulegoak jarraitu diolarik. Gisa hontan hartu du Begoña Sagarzazu preso ohiak, eta egun hauetan Hatortxun parte-hartu dutenei zein bertan aritu diren bakarlariei eta musikariei euren ekarpen izugarria eskertu die. “Elkartasuna zer den erakutsi da Lakuntzan. Egun hauetan protagonista izan diren 740 anai-arrebei maitasuna adierazi nahi diegu Beriainen magal hontatik”. Erreferente izatetik uzteko euskal preso politikoen kolektiboa suntsitu nahi dutela ohartarazi du Sagarzazu, horretarako baliatzen dituzten guztiak gogoraraziz, sakabanaketa, isolamendua eta antzeko neurrien berri emanez. “Pertsonarekin amaitu” nahi dutela ziurtatu du, eta euskal presoen kontra “benetako Guantanamoa” sortu dela gaineratu du. Horren guztiaren aitzinean kartzeletan ematen ari diren borrokaldiek kolektiboaren jarrera erakusten dutela nabarmendu nahi izan du: “Bizirik daude, zutik daude, eta Euskal Herrian erreferente politikoa izaten segitzen dute”.

Kartzeletatik at, errepresioa kalera ere zabaltzen ari dela ohartarazi du Sagarzazuk, “elkartasuna egurtzen eta igortzen ari direla”, presoen argazkiekiko jarrera erasokorra ikusiz. Egoera hortan Hatortxuren moduko ekimenek duten “esanahi sakona” azpimarratu du. Urtarrilean Bilbon 40.000 lagun biltzea, Sakabanaketaren kontrako birak jasotako babesa edota hainbat udaletxetan presoekiko elkartasunez onartutako mozioak adibidetzat jarriz, “hau da bidea” baieztatu du Sagarzazuk, eta hurrengo hilabeteetan elkartasun hori “indartu beharra dagoela” gaineratu du, gure lanaren eta presioaren arabera beteko direlako ditugun helburuak”. “Aurrera! Presorik gabeko herri bate nahi dugu!” oihu eginez amaitu du bere interbentzioa. “Non dago Jon?” galdera behin berriro ere plazaratu da Beriain gunean, eta entzulegoak gogotik oihukatu du “Herriak ez du barkatuko”. Ehundaka lagunek osatutako “Euskal Presoak Euskal Herrira” mapa erraldoiarekin amaitu da Hatortxu 10en ekitaldia.
Nazioarteko borrokak eta preso politikoak, elkarren eredu eta ispilu
Ekaina 20, 2009 by hator
Filed under Hatortxurock, orduz ordu
HatortxuRock 10 jaialdiaren baitan, Lakuntzako Kultur Etxeak hitzaldi interesgarri eta aberasgarriaren testigu izan da. Euskal Herriko, Irlandako eta Kurdistaneko preso politikoen historia eta ibilbidearen inguruko errepasoa.
Mitxel Sarasketa, 20 urtez gatibu egondako eibartarra, Aurora Lago Kurdistanen Ikasketa eta Dokumentazio zentruko kidea eta Bik McFarlane IRA erakundeko preso ohia izan ziren hizlariak. Eurekin batera, Julen Arzuaga, Behatokiako kideak, dinamizatzaile lanak egin zituen.
Sarasketak Espainiar eta Frantziar Estatuek azken hamarkadetan euskal preso politikoekiko izan duten jarrera azaldu zuen. Espetxe politikaren fase ezberdinak, 70ko hamarkadaren sasi-amnistiaren ondoren. Hasierako erregimen militarra, espetxe berrien sorkuntza, dispertsioa eta azken urtetan aplikatzen ari diren Bizi Osorako Zigorra. Denbora guzti horretan, kolektiboa hausteko saiakerak, izaera politikoa kentzeko eta honek ekarri duen sufrimendua gogoan izan zuen Sarasketak. Horrekin batera, EPPKk aurrera eraman dituen borroka eta aldarrikapen ezberdinak aipatu zituen.
Kurdistan
Bestalde, Lagok Kurdistaneko egoeraren inguruko hainbat argibide eskaini zituen. Otomandar Inperioaren erorketaren ondoren, Turkiar identitatearen sorkuntza behartua azpimarratu zuen. Izan ere, Ataturk-ek okzidentalizazio prozesu handi batetan murgildu zuen Turkia. Aldaketak, erlijioari, alfabetoari edo janzkerari eragin zioten. Horrekin batera, Ejerzitoa “aberriaren eta laikotasunaren zaindari” bilakatu zen. Baita, egin ere, izan ere azken bost hamarkadatan Estatu Kolpeak ohikoak izan dira Turkian.
Errepresioak bortizki jipoitu ditu kurdistandarrak, alleviak eta baita Turkiako hainbat ezkertiar. Testuinguru horren baitan, 1984an, PPK borroka armatuaren aldeko hautua egin zuen. Erantzun gisara, Turkiak Gerra Zikina erabili zuen, “erretako lurraren gerra” delakoarekin. Kurdistandarren kontrako kriminalizazioak ere gora egin eta preso politikoen kopurua nabarmen handitu zen.
Euren kontrako neurriak ere etengabeak izan dira. 2000 urtean, norbanakatze, isolamendiu eta sakabanaketa politikak aplikatzen hasi zen Turkia. Honen aurka, Kurdistango preso politikoek hainbat gose greba egin zituzten, hamarnaka presok euren bizitza utzi dute gisa honetako borroketan. Egungo datuen arabera, 10.000 preso politiko daude Turkian, gehienak Kurdistandarrak.
Alderdi Kurduen ilegalizazioa ere etengabekoa izan da Turkian 1995az geroztik. 2009an, Turkiako Parlamentuan 22 ordezkari dituen Alderdi Pro-Kurdoari, soilik berarekin hitz egiteko, bestelako taldeek “biolentzia gaitzestea” eskatzen diote.
Panorama beltz honen beste eredu garbiak dira, ez dela posible Kurdistango auziaren edo Armeniarren aurka Turkiak aurrera eraman zuen genozidioaren inguruko aipamenik egitea.
Errepresio guzti honen aurka, elkartasunak ere badu bere tokia. Larunbatero, Istambulgo karriketan, “Larunbateko amak” biltzen dira eta nabarmentzekoa da ere IHD erakundeak giza eskubideen alorrean egiten duen lana. Biek, preso politiko kurdistandarrak eta Turkian dauden milaka desagertuak dituzte gogoan.
Irlanda
Bestalde, Bik McFarlane, preso errepublikar ohiak, Irlandako egoeraren berri eman zuen. Bere hitzaldiak, 1969 urtea izan zuen abiapuntua, Orduan abiatu baitzen Irlandan Eskubide Zibilen aldeko kanpaina. Britaniarren errepresioak gogor kolpatu zuen uhartea hiru hamarkadetan.
Baina, McFarlanek azpimarratu zuenez, “preso politikoak oso inportanteak dira bai erresistentziarentzat, baita Estatuarentzat ere”. Euren kasuan, “Euskal Herrian edo Turkian baino hobeto geunden, Gu Ipar Irlandako kartzela pare batetan geunden eta 800 preso politiko izatera ailegatu ginen”.
70ko hamarkadaren hasieran, Erresuma Batuak Estatus Politikoa aitortzen zien preso errepublikar irlandarrei. Baina, 1975az geroztik, preso berriei estatus hori ukatu eta neurri errepresiboek gora egin zuten, Tortura guneak eta Long Kesh-eko kartzela horren eredu nagusi bilakatu zirela.
Bizi baldintzen okerrera egin zuten, preso politiko gehienak “H blokeetan” sartu zituzten eta egoera benetan zaila zen, Horren aurrean, 1980ren bukaeran neurriak hartu eta kartzelako bizi baldintzak hobetzeko gose greba bat egitea erabaki zuten.
Borrokaldi horren bigarren txanda 1981ko martxoan hasi zen. Gose Grebak bost hilabete iraun zituen eta hamar preso politiko irlandarrek euren bizitza bertan utzi zuten, tartean Bobby Sands. Margareth Thatcherren gobernua ziur zegoen “espetxe barruan IRA ahulduz gero, kaleran ere ahulduko zuela.
Gose grebak ondorio oso lotzak lagatu bazituen ere, preso politiko errepublikarren kolektiboak baturik jarraitu zuen eta horrek sekulako indarra eta legitimitatea eman zion euren eskakizunak lortzerako orduan. Baita lortu ere.
Preso politikoen papera ere ezinbestekoa izan zen ondoren abian jarri ziren elkarrizketa eta negoziaketa prozesuan.
Lakuntzako giroa, beste ikuspuntutik
Ekaina 20, 2009 by hator
Filed under Berriak, Hatortxurock, orduz ordu, azala
Hegaztiek ongi dakite zein den Lakuntzan bizi den giroa, goitik ikusita ikaragarria baita.







Bizitza osorako zigorren eta preso gaixoen egoera, preso ohien ahotik
Ekaina 20, 2009 by hator
Filed under Hatortxurock, orduz ordu, azala
Fernando Arburuak 23 urte eta bost hilabete eman ditu kartzelan. Fernando Etxegaraik berriz, 20 urte eta bederatzi hilabete. Espetxeetako politikek izandako bilakaeraren berri eman dute biek gaur Lakuntzan; izan ere, Ainhoa Bagliettok azaldu duenez, “bizi osorako kartzela zigorrak eta preso gaixoen egoera ezin dira ulertu politika penitentziarioa ulertu gabe”.

Etxegaraik gogoratu duenez, 1980ko hamarkadan Puerto de Santamaria eta Herrerako kartzeletan biltzen ziren euskal preso politiko gehienak. Hala ere, orduan erabaki zen sakabanaketa politika ezartzea: Presoak kartzela ezberdinetan banatzeaz gainera, zentru bakoitzean ere bereizi egin ziren, euren arteko harremana ezinezko bilakatuz. Gerora bestelako ondorioak ere pairatu ditu kolektiboak, erregimen aldaketei dagokienez, adibidez (lehen graduaren aplikazioa, patioa bi ordutara mugatzea, “autoritate penitentziarioa” martxan jartzea…). Horren aitzinean sortu ziren espetxez espetxeko borrokak, Salto del Negro (Kanariar uharteetan) kartzelako kasuaren modukoak Tokian tokiko epaitegiek zuten espetxe bakoitzeko presoen ardura, eta horietan ere borrokak juridikoak ematen dira, presoen eskubideak bete daitezen. Handik urte batzutara epaitegi horiek zentralizatu egiten dira, Audientzia Nazionalean. Baldintzapeko askatasuna ez da aplikatzen, erredentzioak (ikasketen eta lanen bidez zigorrak murriztea) amaitu egiten dira eta preso gaixoak ez dira kaleratzen. Azkenean, biziarteko espetxealdia agintzen duen doktrina onartzen du Auzitegi Gorenak. Horixe ezarri nahi izan zioten Etxegarai berari. Berak betetako zigorrari aurre nola egin dion galdetuta, beretzat berebizikoak izan omen dira “herri baten, ideia baten, helburu baten eta historiaren partaide dela” sentitzea, eta aldi berean, herri horrek borrokan segitzen duela jakitea, “historia hori aurrera doala” ikustea.
Bagliettok espetxe politiketan emandako bilakaeraren nondik norakoak xehetasunez azaldu ditu. Bere hitzetan, aipaturiko doktrina ez da bapatean sortu, “urteen poderioz eman den” prozesu baten baitan baizik. 1973an, oraindik frankismo garaian, Kode Penal berria onartu zen, zeinak espetxe zigorrak 30 urteko gehienekora mugatzen zituen. Atal berezia jasotzen zuen, “delitu terroristak” zigortzeko. Ondorioz, euskal preso politikoei zigor gorena ezartzen zitzaien. Hala ere, lege berriaren arabera, erredentzioak eta baldintzapeko askatasuna aplikatuz, zigor horiek murrizteko aukera zegoen. Praktikan arazoak jartzen ziren errdentzioentzat, eta baldintzapekoa ez zen aplikatzen. 1995ean Kode Penal berria onartzen da, 30 urteak osorik betetzeko agindua ezarriz, erredentzioak aplikatu gabe, hain zuzen ere. Preso sozialen kexua eragiten du horrek, baina praktikan, ekintza berarengatik kondena txikiagoak jartzen dira arruntak diren kasuetan. Ez da hala politikoen kasuan: “Kale borroka” deituriko ekintzak 15-20 urteko kartzelarekin zigortzen hasten dira, beraz, “delitu larriagoak bihurtuz eta gainera oso-osorik betetzea ezarriz”. 2003an 40 urtetara igotzen da kondenen gehienekoa, baina arau hau urte hortatik aurrerako kasuei bakarrik dagokie. Beraz, aurretik ebatzitako epaiei ez die eragiten, eta presoak kalera atera daitezke lehenago. Hori ekiditeko, Auzitegi Nazionalak erredentzioak ez ditu onartuko, eta aldiz, presoen eskubide urraketak ontzat emanen ditu. Hori ere aski ez, eta “biziarteko espetxealdia” bilatzen duen doktrina agertzen da, erredentzioen aplikazioa 30 urteen gainean erabaki beharrean, kondena osoaren gainean ezarriz. Beraz, horiek inolako efekturik gabe geratzen dira. Baldintzapeko askatasuna ere horrela ezarriko dute. Horrekin batean, behin zigorra beteta “delitu berriak” egotziz, zigorrak luzatzen saiatuko dira. Bagliettoren hitzetan, presoei zera esan nahi diete: “Behinere ez zara aterako, bizirik ez behintzat”.
Zigor urteekin hertsiki loturik, preso gaixoekiko tratuan izandako bilakaera dago. Horren berri eman du Arburuak. Gaur egun 180 omen dira jarraipen bereziak behar dituzten presoak, eta konfidantzazko mediku baten arreta berebizikoa zaienak. 1989An Argeleko elkarrizketak bertan behera gelditzearekin sakabanaketa politika agertu zela gogorarazi du, eta horrekin batean, konfidantzazko medikuak ukatzen eta mediku bisiten kontrola areagotzen hasi omen ziren. 2003tik aurrera estutzen joan ziren neurriak, eta lehenago sikologoak konfidantzazkoak baziren, hori ere mozten hasi ziren. Bisita horiek interbenituak direla salatu du Arburuak. Horrek guztiak preso gaixoarengan eragiten du: Artikulazio arazoak dira ohikoenak, gune itxian sartuta egotearen ondorioz. Arnas aparatuarekin lotutako gaitzak ere ugariak dira, eta sikologiari dagokionez, nabarmena da aplikatzen joan diren “zigor erantsien” eragina: Sakabanaketaren bidez etxekoengandik eta lagunengandik urruntzeak, isolamenduak dakarren talde sozialetik bakartuta sentitzeak eta zigorrak luzatzeak “pertsona estutu eta desegitea” bilatzen dutela azpimarratu du. “Egia da askotan aurre egin eta hori gainditzea lortu izan dela, kolektiboaren elkartasunari esker eta baita norberaren izakera politikoa dela-eta ere, baina askotan ikutuak gelditzen dira batzuk, eta betirako gainera”. Horien kasuan laguntza bideratzea “zaila” dela salatu du Arburuak. Pairatu beharrekoen artean, intimitate eza nabarmendu du, gizakiarentzat funtsezkoa dena baina kartzelan ematen ez dena. “Hori ikaragarria da. Arauek, egiturak, kartzelariek… horiek markatzen dute eguna, ordua. Beti kontrolatuta dago presoa, uneoro”. Preso larrien kasuan berriz, 2003 urtetik askatasuna ukatzen zaiela eta lortutako kasuetan “erabat baldintzatuta” daudela jakinarazi du.
Fer, Reincidentes taldeko kantariarekin elkarrizketa
Ekaina 20, 2009 by hator
Filed under Hatortxurock, orduz ordu
“Guk beti izan dugu oso harreman ona euskaldunekin eta euren borrokekin”
Lakuntzara heltzen aurreneko musika taldea izan zen Reincidentes. Andaluziarrek Beriain Guneko kontzertu sorta zabaltzeko enkargatuak izan ziren. Behin euren soinu frogak amaituta, HatortxuRock 10-eko webgunearekin hitz egiteko parada hartu zuen Fer-ek, taldeko kantariak. Bidetik, Euskal Herriaren inguruan duten ezagutzaren adibide kurioso bat. Ferrek antolakuntzako neska batekin gurutzatu ondoren, honen lepokoan erreparatu zuen “Egizanekoa da!” esanez.

Lehenik eta behin, zerk ekarri zaituzte HatortxuRock 10 honetara?
Hasieran ez geniekin zita berezi bat izango zenik. Ez genekien jaialdiaren hamargarren edizioa ospatzen zela, inoiz ez baitugu Hatortxun jo. Baina, iaz Uharte jo genuen eta bazkaria Etxarri-Aranatzen egin genuen. Han geundela, antolakuntzakoek deitu gintuzten eta aurten ekimen berezia prestatzen ari zirela azaldu ziguten. Ondoren, Hatortxuk azken urte hauetan editatu dituen gauzak bidali zizkiguten eta aurretik Hatortxun jo ez bagenuen ere, urtemuga berezi honetan gurekin kontatzea nahi zutela esan ziguten. Hartu emana izan ondoren, ez zen inolako arazorik suertatu gu bertan izateko.
Gainera, Beriain Gunea ikusgarri horretan elkartasun jaialdi hau irekitzeko enkargatuak izan zarete.
Bai! Aire librean jotzearena antza zeozer sinestezina dirudi Euskal Herrian! kar-kar. Madrildik behera halakoak nonahi daude, baina hemen eguraldiagatik luxu bat dirudi. Ez, egia esan oso montatuta dagoen zerbait da eta antolakuntzakoak primeran portatu dira gurekin. Guk beti izan dugu oso harreman ona euskaldunekin eta euren borrokekin. Hori guztiek dakizuen zerbait da.
Gaurko kontzertuari dagokionez, zer espero daiteke? Errepertorioan abesti berri eta zaharren arteko nahasteketa bat?
Bueno, 55 minutuk ez dute askorako ematen, baina denbora tarte horretan gure azken diskako bi kanta joko ditugu, gure lehenengo laneko beste pare bat eta baita erdian egin ditugunak ere noski. Reincidentesek 23 urte daramatza jotzen eta 15 diska ditu merkatuan. Horiek horrela, guztiari errepasotxo bat emango diogu. Gauza azkarra izango da, The Ramonesen antzekoa. Asko jo gura dugu, beraz oso gutxi hitz egingo dugu.
Zuen emanaldia bukatu ondoren, beste talderen bat ikustera geratu nahi duzue?
Bai. Pixka bat geratuko gara, baina gero Bilbora joan behar dugu, bihar Barakaldon jotzen dugulako. Baina behin dena batuta, banda pare bat edo hiru ikusi gura ditugu. Izerdi guztia kentzen dugunean eta betidanik ezagutzen ditugun hainbat lagun agurtu ondoren, kontzerturen bat ikusten geratuko gara.
Azkenik, asteburu honetako bi emanaldietatik aparte, ze beste kontzertu emango duzue uda honetan gure herrian?
Abuztuan, Donostiko Aste Nagusian joko dugu. Mementuz, hori da lotuta daukagun hitzordu bakarra, baina ziur nago besteren bat ere irtengo zaigula.
Jenden uholdea Lakuntzara iritsi da
Ekaina 20, 2009 by hator
Filed under Hatortxurock, orduz ordu
Elkartasuna eta festa, biak batera uztartuta inoiz hutsik egiten ez duen konbinazioa. Gaurkoan, beste behin ere agerian geratu den gisara. Arratsaldeko lehen orduetatik jende mordoa azaldu baita Lakuntzan. Oztopo guztien gainetik, Guardia Zibilak herriko sarrera guztietan kontrolak jarri baititu, inurrien antzera gune ezberdinetara agertu dira Hatortxurock 10 honetan parte hartuko duen jendea. Batzuk, akanpatzeko beharrezko material guztiarekin, beste batzuk euren kotxe edo furgonetak inguruko herrietan utziz. Denak, hori bai, destinu berberarekin.

Bazkalostean, Apurka taldeak jo du Jantaokian. Kalean, aldiz, giroa Elektrotxarangak jarri du. Lakuntzako kale ezberdinak zeharkatu dituzte hainbat lagunek talde honen doinuekin. Euskal Herrian oso ezagunak diren kanta mordoa bertsionatu dituzte. Eta, Elektrotxarangaren emanaldi ibiltaria martxan zegoen bitartean, jendearen etorrera etengabekoa zen. Horiek horrela, zabaldutako lehen akanpalekua jada beteta zegoen arratsaldeko 18:00ak iritsi zirenean. Ordu horretan bertan zabaldu zen Herri Denda. Arrakasta itzelarekin gainera. Izan ere, segituan jendez bete baitzen. Une batzutan, barrura sartzeko arazoak zeuden eta hainbat lagunek erosketaren bat burutu zuten.
Gero eta jende gehiago Lakuntzan eta gero eta minutu gutxiago musika emanaldiak hasteko. Beriain Gunean, kasurako, Reincidentes taldearen entseguarekin topo egin genuen. Sevillarrak bertan jotzen lehenbizikoak izan ziren eta, nola ez, iristen goiztiarrenak izan ziren.
Beraz, martxan da Hatortxurock 10. Jendea Lakuntzako edozein txokotan dago, giroak uneoro egiten du gora eta ilusioa, elkartasuna eta juergarako gogoak nabariak dira.
Kontrolak: Guardia Zibilaren kontrolak Lakuntzako sarrera guztietan
Ekaina 19, 2009 by hator
Filed under Berriak, Hatortxurock, orduz ordu
Hatortxura bidean datozen herritarrek jakinarazi digute armaz beteriko Guardia Zibilek une honetan Lakuntzarako sarrera guztietan kontrolak jarriak dituztela. Errepideak moztu eta Lakuntzara gogo biziz datozen herritarrak gelditu eta miatzen ari dira uneotan.

Hatortxuren antolatzaileok garbi esan nahi dugu egun hauetan Lakuntzan osatuko den elkartasun olatua geldiezina izanen dela.
Lakuntzara hurbildu nahi duen jendea bakean uzteko eskatzen diogu Guardia Zibilari.
Dena prest musikari hasiera emateko
Ekaina 19, 2009 by hator
Filed under Hatortxurock, orduz ordu
Hatortxurockeko guneak prest daude musikari hasiera emateko hiru egunez luzatuko den elkartasunezko jaialdiari soinua jartzeko
Beriain gunea



Utsaia gunea


Herriko Plaza

Goizetik, hilarak akanpalekuan
Ekaina 19, 2009 by hator
Filed under Hatortxurock, orduz ordu
Atzerapen apur batekin, goizeko 10:00tan zuen irekiera ordua, baina akanpalekua jada zabalik dago. 11:20tan, ehundaka lagunek hilara nabarmena osatzen zuten akanpaleku guneko lehen filtroaren aurrean. Gehienek, kanping dendak, lo egiteko sakuak, esterillak, janariz betetako poltsak, aulkiak edo hozkailu txikiak soinean zeramatzaten. Akanpalekura sartzeko itxaronaldia arintzeko, Hatortxu Rock 10ko irratiaren zuzeneko emisioaz gozatzeko aukera izan zuten. Bertaratu diren guztiek jakin beharreko informazioaren errepasoa behin ta berriz errepikatu zuten.

Bestelako guneetan, prentsa edo materiala biltzen diren lekuetan, mugimendua etengabekoa da. Izan ere, nahiz eta jende gehiena oraindik heldu ez, Lakuntzako karriketako giroa nabarmen igotzen ari da. Horrela, euskal preso politikoei aplikatzen zaien Dispertsio politikaren inguruko erakusketa asteburu osoan zabalik egongo da herriko Kultur Etxean.
Arratsaldeko 16:00tan, Apurka taldeak Jantokian joko du. Enkarterriko musika taldearen baxujolea den Josu Lezama “Potxu” espainiar Estatuko espetxe batetan sakabanatuta dago eta gaurkoa emanaldi berezia izango da. Txalaparta doinuak eta Maria abeslariaren ahotsa dira taldeko berezitasun nagusiak. Hatortxu Rock 10eko lehen aktuazio musikala izango da.
Ondoren, erritmoek Lakuntza erabat bereganatu aurretik, arratsaldeko 19:00tan, Kultur Etxean “Bizi Osorako Zigorra eta Heriotz Zigorra”-ren inguruko hitzaldi interesgarria prestatuta dago. Azkenekoz, argia izkutatzen doan heinean, musikaren protagonismoak gora egingo du. Horrela, Beriain gune eta eszenatoki ikusgarrian Reincidentes, Gatillazo, Kaotiko, Etsaiak, Ekon, RIP, Banda Bassotti, Kop eta DJ Jo ta Txo arituko dira. Bestalde, Urtsaia Gunean Banda Batxokik, Strawberry HC-k, Hora Zuluk, Hesianek, The Klubak, Boom Clubek, Kautak, Des-Kontrolek eta Amaiurrek joko dute.













